
Azkoitia

Zuriñe Eizagirre
Elikaduraren garrantzia
Duela sei urte konturatu nintzen elikadura on batek duen garrantziaz. Urdail arazoak nituen eta medikuntza tradizionalak ematen zizkidan soluzioak, epe luzera arazoak bihurtzen ziren. Duela sei urte medikuntza alternatiboagatik apustu egin nuen, eta Osteopata batengana jo nuen. Tratamendu ezberdinak egin zizkidan baina nire elikadurari garrantzi handia eman zion.
Hasiera batetik argi utzi zidan produktu transgenikoak alde batera utzi behar nituela eta produktu ekologikoak kontsumitzen hasi behar nuela. Nire galdera, orduan, hurrengoa izan zen; zergatik egin apustu produktu ekologikoengatik? Persona honek azaldu zidanez, produktu ekologikoek dituzten elikagai eta osagaien kalitatea hobeagoa da eta ondorioz, gizakion osasunerako hobeak direla. Gainera, nekazaritza ekologikoak gure errekurtso naturalak, biodibertsitatea eta animalien ongizatea babesten ditu, produktu kimikoen erabilera saihestuz. Horrez gain, hainbat azterketek gizakion elikadura osasuntsua eta minbizien prebentzioa zuzenean erlazionatzen dituzte. Azterketa hauen ustez, minbizia izateko probabilitatea geneetan daukagu jada, baina probabilitate hau handiagoa izan ez dadin, edota jaisteko ere, elikadura zaindu beharra dago. Eta ez hori bakarrik, minbizia diagnostikatu dieten pertsonei ere elikadura guztiz aldatzea gomendatzen diete organismoak gaitz honen aurka defentsa gehiago izateko, eta horren ondorioz, minbiziaÂzelulak murrizteko probabilitatea areagotzeko.
Ordutik, nire elikadura zaintzeko asmoz, elikagaien jatorria begiratzen dut. Horretarako, elikagaien ontzietan Europako Etiketa Ekologikoa (EEE) bilatzen dutut, horrek elikagaiaren jatorria guztiz ekologikoa dela bermatzen baitit. Horren ondorioz, nire osasunerako hobea izango denaren uste osoa daukat. Jokamolde honek badauka, ordea, alde txar bat: Europako Etiketa Ekologikoa ez dutenekin alderatuz, elikagaien prezioa askoz handiagoa da. Hortaz, argi eta garbi esan ahal dut, gaur egun osasuntsu mantendu nahi badugu, elikaduraren ikuspuntutik behintzat, dirua gastatzeko beldurrik ezin dezakegula izan. Baina osasunean inbertitzea epe luzera merke ateratzen den gauza bat dela uste dut.
Ez dizuet eskatzen goizetik gauera hozkailuan duzuen janari guztia aldatzeko, baina bai ohitura osasuntsuak apurkaÂapurka hartzen joateko, horrela zuen osasunagatik apustu egiteaz gain ingurumenaz apustu egin dezagun.

Mikel Larrañaga
Belarriak ikusi dizkiote otsoari
Azken hilabeteetan burua lur azpian sarturik izan ez duenak badaki honezkero Podemos izugarrizko uholdea izan dela espainiar estatuko politikan. Ezerezetik atera zen, gizartean dagoen ezinegonari erantzun emateko. Eta bai eman ere, europarako bost parlamentari lortuz. Podemosen aurpegi ezagunenak hauteskunde aurretik telebista programa desberdinetan ateratzen baziren, ordutik biderkatu egin da alderdi berriaren presentzia komunikabideetan. Egiten eta esaten dutena, dena begiratzen da luparekin, dena komentatzen da. Ikusle zirenak protagonista bihurtu ditu. Eta hori ez zaio batere gustatu alderdi zaharrei.
!
Podemosen ezagutza eta oihartzuna handitu ahala joan dira handitzen gainontzeko alderdiek egin dizkieten kritikak, maila altuago edo baxuagoan. Eraso gehienak Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialistatik etorri zaizkie, Podemosek kasta deritzon horiek osatzen dituztenen alderdiengandik. Hauek oso gustura zeuden estatuko pastel politikoaren banaketarekin, eta ez dira batere gustura agertu hirugarren mahaikide bat batu zaienean. Hauek sortutako alderdibiko sistemaren amaieraren mamua ikusi dute, eta erasoa jo dute. Beldur dira. Eraso horiek publizitate ezinhobea dira Podemosentzat. Kritikak jasotzeak lehen planoan jartzen ditu. Ondo edo gaizki, baina zutaz hitz egin dezatela.
!
Podemosek beti esan izan du irabazteko jaio direla. Inkesta honek garaile jotzen du alderdia, baina, hala gertatuko ez balitz? Aurrez ateratako inkesta guztietan hirugarren postuan kokatzen da espainiako joku politikoaren sailkapenean. Kasu horretan, botererik gabe, erabakitzeko aukerarik gabe, zer egingo luke koalizioak? Ez litzateke hainbeste salatzen duen alderdi-bikotasuna alderdi-hirukotasun bihurtuko? Present izan beharko dute hori.
!
Nolanahi ere izugarrizko indarra bereganatu du Podemosek denbora gutxian. Estatu espainiarrean bederen. Gurean, Euskal Herrian ere badu bere txokoa, nahiz eta agerpen hori ez den estatu mailan izandakoaren parekoa, gehienbat hemen alderdi ezkertiar sendoa eta errotua dagoelako aurrez. Hala ere ikusi beharko da zein den alderdiaren bilakaera. Denborak jarriko ditu bere lekuan eta hor ikusiko da puzzlea osatzera datorren pieza bat gehiago den, edo aldiz, puzzle osoa airetik botatzeko gai den. Artaldea izutzeko gai izan da behintzat. Ez da gauza makala.


sinadurak


Nekane Elortza
Argi izpia errepidearen amaieran
Ilunpetan kilometroak eta denbora aurrera joan dira, baina, azkenean, argi izpi bat ikusteko aukera izan dugu errepidearen amaieran. Denon aho eta buruetan zegoen Euskal Txirrindularitzaren bukaera etorriko zela, baina, dirudienez beste urte betez euskal txirrindulariak errepidean ikusteko aukera izango dugu.
Desagerpenetik desagerpenera, horrela izan dira azken urteak. Duela bi urte Euskaltel-Euskadiri eman genion agurra. Aurten berriz, Euskadi Fundazioari. Hauek izan dira profesional mailan desagertutako taldeak, baina ez dira bakarrak izan. Afizionatuetan, gazteetan, nesketan... hainbat eta hainbat talde desagertu baitira.
Taldeen desagerpenek, erreferenteen amaiera dakarte eta horrekin batera mutil eta neska asko eta askoren txirrindularitza karreraren bukaera etorri da. Orain arte, Euskal Herria izan dugu txirrindularitzaren harrobi, erreferente, erakuslehio... Baina hori apurka-apurka hiltzen joan da. Horrekin batera, munduko edozein tokitan ezaguna izan den marea naranjaren desagerpena ere bizi izan dugu.
Denok gara honen errudanak, guk sinetsi eta onartu baititugu politikari eta enpresari askok esandako gezurrak. Beraien hitzetan, ez dago kirol honentzat dirurik, taldeak ez baitira batere bidegarriak. Eta guk, hau entzun eta beraien gezurrak onartzen ditugu, beste erremediorik ez dagoela eta, galdutzat emanez 21 urtez gutxi batzuek egin duten lana.
Baina, dena beltz ikusten genuenean, txirrindularitzaren hil kanpaiak entzuteko puntuan geundenean, iritsi zaigu berri ona. Argi izpi bat agertu zaigu errepidearen bukaeran. Arratiako Txirrindulari Elkarteak eta Murias enpresak isilpean lan eginda aurrera jarraitu al dela erakutsi digute.
Datorren urtean, beste urte betez behintzat, euskal txirrindulariez osatutako talde bat izango dugu errepidean. Berri ona da, pozgarria oso. Baina, kontua ez da hemen bukatzen, gauzak orain bezala jarraituz gero talde honen iraungitze data ere ez baita urruti izango.
Orain arte egindako lanari jarraipena eman behar zaio, eta denok batera lortu dezakegu hori. Beraz, hau da gure ordua, hau da gure momentua. Txirrindulari familiako, zaletu eta inguruko guztiak batzeko ordua da. Munduko errepide guztietan ezagun izan den marea naranja hori berriz ere sortu eta denok batera gure laguntza eta ekarpentxoak egiteko momentua da, denok batera lortu dezakegu eta.
Proiektu hau ez da txirrindulari talde bat soilik: herri baten irudia da. Munduko herri, mendate eta errepideetan Euskal Herriari publizitatea egiteko aukera paregabea dugu; gure herriak merezi duen mailan uzteko aukera paregabea daukagu.
Hortaz, hau da gure unea. Aukera paregabea daukagu denok batu eta munduan zehar lasterketaz-lasterketa ezagun egin dugun herri sentimendu honekin aurrera egiteko, urte luzez euskal txirrindularitzarekin aurrera jarraitzeko. Batu gaitezen denok eta egin dezagun norabide berdinean bultza eta borroka; errepide bukaeran agertu den argi izpi txiki hau gure kirolaren argi iturri bihurtu dadin.
2010 - present
2010 - present