
Azkoitia


Nicolas Bertrogliano
Harkaitz soilean errotua

Elkarrizketak
Argentinar guztiek bezala biziki maite du futbola Nicolasek. Azpeitia eta inguruko
herrietako argentinar batzuk ostiral arratsaldero biltzen dira futbol partida bat jokatzeko.
Adin guztietakoak biltzen dira, eta txikienak harmailetan, ikusle zorrotz. Kirol-zorro
pisutsua darama soinean tabernan bildu garenean. Ez da kexu, lanean pisua mugitzera
ohitua dago urteen poderioz. Ez darama bizi oparoa, baina zoriontsua da. Bizi berri
baten bila atera zen sorterritik. Eta horrelakorik aurkitu du gurean.
Urte oparoago batzuetan bertaratu zen Nicolas. Etxean ez ziren gaizki bizi, ez zuten
larritasunik pairatzen, hobetzeko intentzioz eman zuen saltoa orain 5 urte. Lasaitasuna
bilatzen zuen Nicolasen familiak. Punta Altan bizi zen Nicolasen familia, nazioartean
ezaguna den Bahia Blancatik oso hurbil. Nicolasen etxean ostera ez zen gune turistiko
horren eragin handirik. Urte batzuk lehenago kolarritoa sufritu zuten eta hango
gorabehera eta segurtasun faltak atzean uzteko intentzioz atera ziren jaiotzen ikusi
zituen herritik. “Segurtasuna izan zen Argentinatik ateratzeko arrazoi pisutsuenetako
bat, Argentina polita da goitik behera, baina gauez kalera atera eta kontu handiarekin
ibili behar zara bestela agian jipoi bat jaso dezakezu ezer egin gabe”. Giro lasaiago bat
aurkitu du Euskal Herrian. Azpeitian izeba bat zuten eta han lurreratu ziren iritsitakoan.
Izeba bertan izateak asko lagundu zien bertako gizartean integratzerako orduan. Lehen
hilabeteak gogor samarrak egin zitzaizkion Nicolasi: Inguru berri bat, klima berri bat,
jende berria, … Hala ere ez da kexu, are eta gutxiago, oso eskertuta dago jasotako
harreragatik. Egun neskalagun azpeitiarra du, eta ezaguna da herrian. Baina egoera
honetara iritsi arte lan egin behar izan du.
Etxean zortzi bizilagun zeuden pilatuta hasieran. Egoera horrek ez zuen asko iraun
ordea. Nicolas eta bere aitak lana aurkitu zuten epe laburrean. Aita iturgina zuen, eta
berak ere bazuen ezagutzarik iturgintzan. Horretan ere zortea izan du Nicolasek. Aitak
eta biek euren kontura egiten zuten lan eta beraz bertokoek beste kobratzen zuten
eginiko lanarengatik. “Gauza jakina da askotan etorkinak izanagatik gutxiago kobratzen
dela lan berdina eginda. Guk geure kontura lan egiten genuenez guk ez dugu arazo hori
izan zorionez”. Lanari esker pisu bat alokatu ahal izan zuten Azpeitian bertan. Gauzak
hobetzen ari ziren familiarentzat eta Nicolas aitarekin lana eta ikasketak tartekatu
zituen. Goizez aitarekin lan egin eta arratsaldean mantentze-ikasketak egiten zituen
Azkoitian. Bizitza aurpegi goxoa erakusten ari zitzaion Nicolasi. “Betidanik gustatu
izan zait festa, eta lanean irabazten nuenarekin han eta hemen parrandatxoak emateko
lain izan nuen”. Horietako batetan ezagutu zuen Leire, bere neskalaguna. Leire
azpeitiarra da jaitzez eta orain lau urte ezagutu zuten elkar. “Gauez ateratzean jendea
ezagutzen eta lagunak egiten joan nintzen. Horien artean Leire ezagutu nuen eta
hasieratik izan genuen harreman berezia”. Neskalaguna babes handia izan da
Nicolasentzat. Momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditu eta horietan ezinbesteko
euskarri izan du Leire.
Lana laster aurkitu izanagatik beste begi batzuez ikusten dutela uste du Nicolasek.
“Jendeak askotan etorkinak laguntzez bizitzera etortzen garela uste du eta lana egiten
nuela ikustean beste jarrera batekin tratatzen ninduten, -behintzat lanera dator, ez
lapurretara- zioten”. Orain lan poltsa nabarmen gutxitu den garai hauetan jendeak lana
kentzera etorri direla ere uste izan dezakeela uste du eta honen inguruan lana bilatzen
duenak aurkitzen duela dio. Bera azkar ibili zen, mugitu egin zen eta bere kontura hasi
zen lanean. “Atzerritar batek lana aurkitzen duenean lana hor dagoelako aurkitzen du.
Atzerritarrak lehenago aurkitu badu azkarrago ibili delako izango da”.
Egoera gogorragoa da orain, bertakoek gaizki badaude kanpotarrak are eta okerrago.
Bere larrutan bizi izan du Nicolasek egoera latz hau. Egun langabezian dago, lan bila.
Egunero ibiltzen da inguruotako lantegietan curriculumak banatzen, mugitzen. Ez du
langabezian egonagatik laguntzarik jasotzen. Ez du uste laguntzak handitu behar direnik
ere. “Ez dut uste laguntzak emateagatik eman behar direnik. Jendeari ezer ez egiteagatik
dirua ematen bazaio inork ez du ezer egingo”.
Kafetegian jendearen joan etorriari buruz hizketan Euskal Herritik ateratzen direnak
kanpoan nola hartzen ote dituzten galdetuta ez daki erantzuten. Asko dira hamarkada
batzuk atzerago Argentinarako bidea hartu zutenak, eta haiek ondo integratu direla dio.
Gaur egun asko dira Argentinan entzuten diren abizen euskaldunak. “Euskaldunen
oinordekoak direnei agian nabaritu ahal zaie gurasoen jatorria baino orokorrean bat
gehiago dira”. Ez du bertoko etorkinen egoera berdin ikusten. Etorkin guztiak poltsa
berdinean sartzen dituztela uste du. “Argentinar batek zerbait oker egiten badu jendea
jatorriarekin geratzen da, ez pertsona horren identitatearekin”. Horrek besteen izena
kutsatzea eragin izan du. Gizartean maila altuago edo baxuago batean integratuta ere
zerbait gertatzean beti daude denak puntu-miran. Ezin gainetik marka hori kendu.
Azkar egin du bat euskaldunon izaerarekin. Euskaldunak gustuko ditu. “Euskalduna
pertsona ona da, langilea eta parrandazalea. Zer gehiago behar da?”. Euskara du gure
kulturarekiko muga une honetan. Gai da hitz batzuk esateko eta ulertzen ditu
elkarrizketak astiro hitz egin ezkero, baino ez daki euskaraz hitz egiten. Horretan ere
Leire izan du lagun. Neskalagunak erakutsi dizkio hainbat hitz eta noizean behin
praktikatzen dute baina denbora-pasa gisa. Orain arte sekula ibili ez eta orain denbora
duenez euskaltegi batean izena ematekotan da. Zaila ikusten du dena den hizkuntza
ikastea eta horrek pena handia ematen dio.
Urteak pasa eta gero bost urte atzera egin izango balu berriro hartuko luke Euskal
Herrira ekarri zuen hegazkina. Eta hala gomendatzen die Euskal Herriari buruz
galdetzen diotenei. Oraintsu lagun batek eskatu dio informazioa. Ezkonduta dago eta
alaba txiki bat du eta gauza onak entzun ditu Euskal Herriari buruz. Nicolasek etortzera
animatu du, ez dela damutuko esan dio. “Nire lagunak aitaren ikuspuntutik ikusten du
bitzitza eta bere familiarentzat onena bilatzen du. Familia zaintzeko leku aproposagoa
dela esan diot. Hau leku lasaia da bizitzeko.” Egunen batean Nicolas Euskal Herritik
joan behar izango balitz Argentinara itzuliko litzateke. “Euskal Herria dut gustuko,
Gipuzkoa bereziki, bertako bizitzara ohitu naiz jada”. Hegoaldera joatea baino nahiago
izango luke jaioterrira itzultzea. Argentinan izan da gabonetako oporretan, bertan utzi
zuen familia bizitzen. Gustura egon da, han bizi izan zitekeen arazorik gabe baina
Euskal Herrira iritsitakoan ez du faltan botatzen Argentina. Dagoenekoz gauza gehiagok
lotzen du Nicolas Euskal Herriarekin baino, baina atzerritik etorri diren guztiek bezala
inoiz bere etxera itzultzeko ametsa du, ilusioz ikusten du une hori, baina momentuz ez,
ez du presarik.
Egoera politikoaz bustita
Pertsonaia berezia da Nicolas. Euskal Herrira iritsi eta gutxira sentitu zuen kuriositatea
bertako egoera politiko bereziaz. Badaki Euskal gizartearen zati handi batek ez duela
bere burua espainiartzat. Oso fenomenoa iruditzen zaio. Argentinan ere pisu handia du
politikak eta Euskal Herrira iritsitakoan azkar busti zen egoeraz. Ez du ongi ikusten
estatuak Euskal Gizartearen nahia isildu eta zapaldu nahi izana. ETAk azken hilketa
bete eta gero iritsi zen Euskal Herrira. Hori dela eta ez du gatazka armatuaren eraginik
nabaritu bere inguruan. “Horrek ere lagundu du, segurtasun bila etorri eta hemen
atentatuak egon izan balira nire esperientzia ez zen berbera izango”. Gatazka politikoa
ebazteko gizartearen inplikazioa behar dela dio. Baina gaian interesa izanda ere
kanpotik ikusten du, eta tentuz hitz egiten du honi buruz. “Euskaldunen arazo bat da eta
euskaldunek ebatzi behar duzuela uste dut”. Dena den nazioartetik ere lagundu ahal dela
uste dut. Orain arte ikusi duenaren arabera Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak
desberdinak direla uste du. Kataluniarren auzia ekonomiari lotuta dagoela dio, eta
euskaldunona aldiz sentimenduan oinarritzen dela. Bata zein bestean pazientzia behar
dela dio eta borrokak aurrera jarrai dezan espero du.
Krisialdiari aurre eginez
Krisialdiak gogor astindu du Euskal gizartea. Euskal Herrian krisiaren eragin hori
leunagoa izan den arren gutxien zuten pertsonen egoerak nabarmen egin du okerrera.
Eragin hau gehien sufritu dutenen artean daude etorkinak. Aurreko urteetan,
oparotasunak erakarrita bizi oparoago baten bila etorritako askok itzulerako bidea hartu
dute. Krisiaren epe gogorrenean lan faltak kolpatu du Nicolas. Jendearen laguntasuna aso du. Jakin badaki zaila egiten zaiola jendeari laguntza ematea. Ezer ez duenak nekez
eman dezake zerbait. Laguntza jaitsi dela dio. “Orain laguntza ez du edonork ematen,
laguntzaren bat jasotzeko konfiantza eman behar diozu jendeari, laguna egin”.

“Segurtasuna izan zen
Argentinatik ateratzeko
arrazoi pisutsuenetariko
bat”

“Segurtasun bila etorri eta
atentatuak aurkituko
banitu ez zen esperientzia
berdina izango”

“Jendeari ezer ez
egiteagatik dirua ematen
bazaio inork ez du ezer
egingo”

Motz-motzean
Euskal Herritik gauzarik gustukoena
Bertako Jendea, etxean bezala sentiarazten zaitu
Gutxien gustatzen zaizuna
Klima. Eguraldi hobea egiten du Argentinan
Definitu Kitchner Presidentea hitz baten
Zuzendaria
Argentinar historiko bat
Maradona
Bizitzako une gogoangarri bat
5 urtetan elkar ikusi gabe familia guztia Punta Altan batu ginenean
Pasio bat
Futbola eta festa. Bereziki futbolean jokatu osteko festa.