top of page

        Zaborraren guda

 

Festa hasi da. Orain dela urtebete eman zuen jakitera Azkoitiko udalak zaborren

kudeaketarako sistema aldatzea erabaki zuela eta aldaketa horren bidean gaia aztertuko

zuen hondakin mahaia sortzeko zuen asmoa. Hamabi hilabete geroago, udaleko Bilduko

ordezkariek, Azkoitia Bai koalizioko ordezkariek, Zero Zabor plataformak eta

norbanako herritarrek osatutako taldeak sistema mistoa ezarriko dela erabaki du,

Azkoitiko herrira hobekien egokitzen dena dela azalduz. Erabaki honek 5.

edukiontziaren aldeko plataformaren enegarren protesta eragin du. Hilabeteetan hainbat

tira-bira eta gero auzia amaierara iristear dagoenean ezpatak goi-goian daude oraindik.

 

Sistema mistoa udan ezarriko da Azkoitian. Uztailaren lehen hamabostaldian jarriko da

abian. Hala adierazi digu Amaia Argarate udaleko ingurugiro teknikariak. Udaletxeko

ingurugiro sailaren bulegoan Bildu gara berarekin sistema berriaren nondik norakoak

azaldu ditzan. Amaiak beldurra kendu izan nahi digu hasieratik. Lasaitasun ideia

transmititu. Sistemak ez duela aldaketarik nabarmenik eragingo dio. Ez behintzat orain

artean birziklatzen zuen pertsonari. Sistema oraingoaren oso antzekoa izango da,

edukiontzi sistema ia bere horretan mantenduko da, zabor gehigarria jasotzen duen

edukiontzi grisa soilik kenduko da herriko kaleetatik. Gainontzekoak, ontzi, paper eta

kartoi eta beirarenak beren kokalekuetan jarraituko dute, organikoaren edukiontziak

bezala. Atez-ate jasoko den gai bakarra gainontzeko soberakin hori izango da hain

zuzen. Astean behin jasoko dela adierazi digu Argaratek. “Sortzen den soberakina oso

gutxi denez eta gainera usainik ateratzen ez duenez astean behin atera beharko da

soilik”. Beste aldaketa txiki bat ere izango da. Orain arte organikoa jasotzen zuen

edukiontzi marroia giltzaz ireki beharrean txip bat duen txartel batekin zabalduko da.

Horrela familia bakoitzak edukiontziaz egiten duen erabilera neurtu eta zenbatuko da,

baina ez da kontrolatuko bakoitzak zer botatzen duen edukiontzira, horretarako kamerak

jarri beharko lirateke” dio irribarrez. Erabiltzaileren batek sistemaren erabilera

desegokia egitea ez du udalak aurreikusten “sistemaren emaitzek beraiek konbentzitzen

baitute azkenean erabiltzailea”, baina jarrera desegokiak ikusiko balira isunak jarriko

liratekeela adierazi du, nahiz eta udalak ez duen printzipioz puntu hau oraindik zehaztu.

 

Ordutegi zehatzik izango ote den galdetu diogu Argarateri, ea zabor gehigarri hori

ateratzeko ordu zehatzik izango den. Asteko egun zehatz baten sei eta erdietatik zortzi

eta erdiak artean atera beharko dela dio; dena den arrazoiren batengatik tarte horretan

ateratzerik ez duenaren kasua aztertuko litzatekeela adierazi du. Sistema berriak izango

duen kostuari dagokionez, udalak egindako azterketa baten arabera sistema hau guztien

artean dagoen merkeena dela adierazi digu, eta etxebizitza bakoitzaren aurrean zaborra

biltzeko posteak jartzearen kostua oso baxua dela. “Sistema ez da soilik jasangarria, aizik eta merkea,

komunikabide batzuk kontrakoa zabaldu nahi duten arren”. Bestalde,

sistema berri honek herritarren zabor tasan eraginik ez duela izango adierazi du, ez

baitago finantziazio berezi baten beharrik sistema martxan jarri ahal izateko.

Birziklapen mailari dagokionez sistema mistoaren eta atez-atekoaren artean alde

nabaririk ez dagoela dio. Udalak urte amaierarako %70eko birziklapen tasa izan nahi

du.

 

Argaratek jendearen desinformazioari egozten dio herrian sistemarekiko dagoen

errezeloa. “Jendeak ez du sistema ezagutzen, eta gainera toki guztietatik sistemaren

aurkako informazioak jasotzen ditu, horrela ez da harritzekoa jendea urduri egotea”.

Honen inguruan herritarrei lasaitasun mezu bat bidali nahi die Argaratek. “Jendea lasai

egon behar da, beraien bizitza ez da aldatuko, kanpotik entzundakoak gezurrak dira”.

Honekin lotuta proiektua Bildu alderdian pertsonalizatu dela uste du, nahiz eta kolore

politikorik gabeko proiektua izan. “Batzuek Bildurekin lotu dute atez-ateko sistema eta

sistemaren proposatzailea eta ez sistema bera dute aurkari, berau ezagutu gabe kasu

askotan”. Proiektua Gipuzkoarrena dela azpimarratu nahi izan du Argaratek. Gaiak

herrian sortu duen iskanbila ikusita herri galdeketa bat antolatzearen egokitasunari

buruz galdetu diogu eta Argaratek ez du begi onez ikusten. Ez zaio galdetu beharreko

gauza bat iruditzen, ez baitu herritarren bizitza autobusen maiztasunak edo osasunetxearen

ordutegiak baino gehiago aldatuko. Gainera komunikabideen desinformazio

kanpainak eta zurrumurruek baldintzatutako galdeketa izango litzakeela dio.

“Herritarrak ez dira kezkatu behar, udala ez dago arazoak sortzeko, berauek

konpontzeko baizik”.

 

Udaleko Bildu eta Azkoitia Bai alderdi politikoez gain Sistema mistoa ezartzea erabaki

duen hondakinen mahaia beste hainbat aktorek osatzen dute. Herritarrak ere ordezkatuta

daude bertan, norbanako moduan edo Azkoitiko Zero Zabor herri plataforman.

Plataforma honek birziklatu gabeko hondakinak murriztea du helburu eta atez-ateko

sistema proposatzen du helburu hori lortzeko bidean. Azkoitiko Zero Zabor

plataformako kidea den Iratxe Alberdirekin bildu gara. Sistema mistoa ezartzearen

erabakiarekin pozik dagoela adierazi du. Onartzen du ez dela plataformak ezarri nahiko

lukeen sistema baino aukera ona iruditzen zaio. “ez da guk nahi genukeena, baina beste

batzuen nahiak kontuan hartu izanak ere pozten gaitu”. Alberdik proiektua azkoitiar

guztien interesetara moldatu dutela dio. Plataformak beste aktoreen iritziak oso presente

izan dituela dio, horren adibide bezala jarri du EAJ-ko zinegotziek adibide bezala

proposatutako Legazpiko sistema mistoaren antzekoa jarriko dutela. “Denok eman

behar dugu paso txiki bat atzera batasuna lortu ahal izateko; guk ere atez-atekoa nahi

genuen, baina konforme gaude sistema honekin”. Beraiek izan duten adostasunak

bilatzeko gaitasun falta kritikatu dio 5. edukiontziaren aldeko plataformari. “Akordioak

lortzeari buruz jardun dute urtebetez, baina ez dute hondakinen mahaian parte hartu nahi 

izan”. Dena den, atez-atekoaren aurka daudenen argudioak ez dituztela mahaitik kanpo

utzi dio eta oso kontuan hartu dituztela azkenean sistema mistoa ezartzeko erabakia

hartzerakoan. Zero Zabor plataformak honekin jokabide demokratikoaren adibidea

eman duela dio Alberdik. Aldaketa beharrezkoa dela dio, ez dela posible egungo

sistemarekin jarraitzea, ematen dituen emaitzak onak ez direlako. “Ezinezkoa da %40ko

birziklapen tasa muga duen sistemarekin jarraitzea, birziklagarria den ia guztia

birziklatzea ahalbidetzen duen sistema dagoenean”. 

 

Alberdik komunikabideetatik eta EAJ, PSE eta PPtik atez-atekoaren aurka jaurtitzen

diren erasoez kexatu da. “Ez dute argumenturik ematen, beldurra zabaldu besterik ez”.

Atez-atekoaren aurka arrazoi sendorik ez eta gezurrak zabaltzen jardutea egotzi die

Alberdik. “Argi eta garbi gezurrak diren aitzakiak erabili dituzte, arratoiak agertuko

direla edo arraina jan nahi dugunean jan ezin dugula esaten”. Birziklatzea gizartearen

betebeharra eta ez aukerazko zerbait dela adierazi du. Nahi edo ez egin behar dela dio.

Herritarrak lasai egon daitezen eskatu du, Azkoitian aspaldin egin zela birziklatzearen

apustua eta beraz orokorrean ez dutela alderik nabarituko. “Aldaketa nabarmen bakarra

egun birziklatzen ez duenarentzat izango da, hemendik Aurrera ezinbestean egin

beharko du eta”

 

Oposizio jendetsua

 

Hondakinen mahaitik kanpo ere bada auzi honetan zer esana duen aktorerik. 5.

edukiontziaren aldeko plataformak udalak bultzatutako mahaian parte ez hartzea erabaki

zuen, hura antzerki bat zela eta beraien argudioak kontutan hartuko ez zirela argudiatuz.

Iñaki Larrañaga plataformako kideak engainuz jotzen du sistema mistoaren ezarpena.

Larrañagaren esanetan, sistema mistoa atez-ateko sistemarako tranpolina besterik ez da.

“Orain sistema mistoa jarriko dutela diote, baina benetan hasieratik nahi izan dutena

atez-atekoa ezartzea izan da eta ez dira geratuko hori ezartzea lortu arte. Plataformak

sinadura bilketa bate egin zuen irailean eta 3547 sinadura Bildu zituzten. Larrañagak

horri eusten dio bere kritika defendatzeko. “Udalak egin nahi duena herritarren

gehiengoaren gainetik salto egin eta interes partikular batzuei jarraitzea da”. 

 

Larrañagak azpimarratu du Azpeitiko alkate ohia eta egungo Gipuzkoako Foru

Aldundiko ingurugiro kontseilaria den Iñaki Errazkin berak ere ez duela atez-ateko

sistema Azpeitirako nahi eta aldiz Azkoitian jarriko dela. “Beste behin ere herri honetan

listoenak eta onenak gara, eta inork nahi ez duena jango dugu herritarrok”. Proiektu

alderdikoia dela dio, Bilduren interes ezkutu batzuk jarraitzen dituena, eta politikarien

ustelkeria kasuekin alderatzen du. “Estatuan gertatzen ari den bezala, politiko

txitxilikarioak heurera, jendeak zer nahi duen kontuan hartu gabe”. Guztiak engainatu

dituztela uste du, orain jakinarazi duten arren orain dela bi urte eta erdi hartutako

erabakia dela. “Prozesu bat egon dela saldu nahi izan digute hondakin mahaiarekin,

baina erabakia orain bi urte hartu zuten, boterera iritsi zirenean”. Larrañagak sistema

mistoak udalarentzat izugarrizko kostu ekonomikoak izango dituela dio. Plataformak

egin dituen kontuen arabera egun 107.110 eurokoa den aurrekontua 856.094 eurora igo

beharko da eta sumina agertu du Larrañagak: Bildukoak ez al dira honelako broma

txarretan diru publikoa xahutzeaz aspertu? Bildukoei ahoa partaidetza hitzaz betetzen

zaiela adierazi du Larrañagak, baina gero ez direla gai herritarrei iritzia eskatzeko

honelako gai mamitsu batean. “Partaidetzaz mintzo dira, baina gero parte hartzen uztea

ahaztu egiten zaie itxuraz; hori ez al da hipokresia?”. 

 

 

Erreportajeak

“Sistema ez da soilik jasangarria, baizik eta merkea, komunikabide batzuk kontrakoa zabaldu nahi duten arren” 

“Jendeak ez du sistema ezagutzen, eta gainera toki guztietatik sistemaren aurkako informazioa jasotzen dute” 

“Prozesu bat egon dela saldu nahi izan digute hondakin mahaiarekin, baina erabakia orain bi urte hartu zuten"” 

Sistema mistoaren gakoak

 

Funtzionamendua: Edukiontzi guztiak bere horretan jarraituko dute, gainontzeko

zaborrarena izan ezik. Zabor hori astean behin jasoko da atez ate horretarako espresuki

etxe aurrean jarritako posteetan jarri beharko den edukiontzietan. Organikoen

edukiontzia txiparekin irekiko da eta derrigorra izango da bere erabilera.

 

Ordutegiak: Zaborra astean behin jasoko da, goizeko sei eta erdiak eta zortzi eta erdiak

bitartean.

 

Epeak: Sistema uztailaren lehen hamabostaldian jarriko da abian.

 

Prestaketa: Udalak posteak jarriko ditu etxebizitzen aurrean eta zaborrak biltzeko

edukiontziak banatuko ditu etxe bakoitzean.

Gehien irakurriak:

Babesleak:

© 2023 by "This Just In". Proudly created with Wix.com

Maxixatzen, S.L. 2015 

bottom of page